NAZIONALISMO ERRUDUNAK

Joan B. Culla

Kataluniako prozesu burujabearen kontrako oldarraldi dialektikoarekin gertatzen da txerriarekin bezala: dena aprobetxatzen da.

Egun batean, tabernako demagogo baten ahoberokeria batekin topa zaitezke, zeinaren arabera Katalunia lapur koadrilla batek gobernatzen baitu, independentzia nahi dutenak bakarrrik Guardia Zibilaren eskuetatik ihes egiteko.

Eta hurrengo egunean topa zaitezke soziologiako katedradun askojakin baten artikulu batekin (adibidez, Enrique Gil Calvo, El País, abenduak 13), non azaltzen baita nolako erregresio bat-batekoa izan duten katalanek “nazionalismo etniko, biktimista eta antiespainol baterantz” zer-eta “familia eredu zurrun bat, oinarria aitaren agintea eta primuaren aldeko herentziaren oinordetza injustua duena, anaia-arreben arteko inolako berdintasunik gabea” dela medio.

Tira, “Artur Mas-ek abiarazitako abentura sezezionistaren” erru guztia oinordetzan jaso zuen instituzioarena dela… Hamaikak ikusteko jaio gara.

Dena porrokatzen duen testuinguru honetan, Gerra Handiaren mendeurrena oroitzeko egunek beste arrazoi-ildo bat jarri dute mahai gainean: gerrate hura, eta haren ondoko Europaren suizidioa, zerk-eta nazionalismoak piztu zuen. Nazionalisno generiko, abizenik gabeko batek, baina ondo datorrena beti irrazionalitatearekin, indarkeriarekin eta besteenganako enfrentamenduarekin.

Eta oraintsuko Kataluniako egoerarekin paralelismoak egin nahi dituenak esku-eskura dauka.

Bai horixe. Egia da 1914ko abuztuan hasitako gerratea nazionalismoek piztu zutela, neurri handi batean. Baina zeinek eta nola?

Gavrilo Princip eta haren konplizeak -Austria Hungariako printzea erail zutenak, Sarajevon, ekinaren 28an- bai eta Belgrad-eko beren bulegoetatik magnizidioa bultzatu zutenak ere, Serbia Handiaren aldekoak ziren. Hau da, Slodoban Milosevic, Radovan Karadzic, Ratko Mladic eta enparauen aurrekari zuzenak ziren, ideietan, helburuetan eta metodoetan; zortzi hamarkada geroago, nazionalismo serbiar erasokor eta dominatzaile beraren izenean mendebaldeko Balkanak odolez ito zituen hiltzaile-taldea. Ez nazionalismo esloveniarrak, ez eta kroaziarrak, mazedoniarrak edo kosovoarrak ere, ez zuten ezer ikustekorik izan krisi hura piztearekin.

Ustez eskualdeko istilu bat zena, printzipioz Inperio Autrohungariarraren eta Serbiako Erresumaren arteko gerra balkaniko txiki bat baino sortu behar ez zuena, bost astean kontinente mailako gatazka bilakatzea, Europako potentzia guztiak triskantza batera eramanda, hori ere nazionalismoaren errua da, antza.

Baina ez nazionalismo txiki askatasunzaleena -gehienak bakezaleak eta armagabeak-, inperio handien politika asimilatzaileei aurre egiten zieten horiena.

Ez ziren izan nazionalista finlandiarrak, ez letoniarrak, lituaniarrak eta ukraniarrak, ezta poloniarrak ere, 1914ko ekainaren 29tik abuztuaren 2ra bitartean Errusiako tsarra bultzatu eta presionatu zutenak Serbiaren alde egin zezan eta haren armada mobilizatu zezan.

Halaber ez ziren izan Alemaniako Reich-aren periferiako gutxiengo nazionalak, halako irredentismo batek akuilatuta edo, Berlin bultzatu zutenak Errusiari eta Frantziari gerra deklaratzera.

Eta Londresek, azkenean, “bakartze bikaina” alde batera uztea eta gerran sartzea erabakitzen duenean, ez zen izan nazionalista irlandarren eskariz (nahikoa buruhauste bazuten une hartan), baizik eta Alemaniak Belgikaren neutraltasuna apurtu zuelako.

Egia da hurrengo bost urteetan nazionalismo hauetako askok gerra eta inperioen apurketa baliatu nahi izan zituztela beren nazioen independentzia erdiesteko.

Baina sarraskirako bidea jorratu zutenak beste nazionalismo batzuk izan ziren: estatuenak, hegemonikoak, potentzia handienak.

Errusiarra, irrikan baitzegoen 1905ean japoniarren aurrean jasotako porrotaren umiliazioa ezabatzeko, eta sinestuta garapen militar batek erregimenari behar zuen legitimizazioa emango ziola. Alemaniarra, itsututa baitzegoen britaniarren potentzia berdintzeko eta gainditzeko, eta lortzeko -Bülow kantzilerra zioen moduan- “gure lekua eguzkipean”. Frantziarra, ia mende erdia baitzeraman mendekuaren gosez, Alsazia eta Lorrena berreskuratzeko grinaz.

Uda tragiko hartan, Europan inor baldin bazegoen kontinenteko langileria gerraren aurka batzeko eta mobilizatzeko, pertsona hori Jean Jaurès zen, Jaurès handia.

Bada, gauza jakina denez, buruzago sozialista Parisen erail zuten, 1914ko uztailaren 31ko arratsaldean, ostiralarekin, lagun talde batekin afaltzen ari zela. Hiltzailea, Raoul Villain izeneko bat, ez zen separatista bretoi bat, ezta terrorista korsikar bat; nazionalista frantziar bat izan zen, abertzale sutsu fanatiko bat, Jaurès-en nazioarteko bakezaletasunari traizioa irizten ziona.

Ez zen uste bakan edo xelebre bat, zeren Villain epaitu zutenean, 1919an, epaia absoluzioa izan baitzen… Bitxiki, anarkista katalan batzuek hil zuten, Eivissan, 1936ko irailean.

Oroit dezagun Gerra Handia. Baina manipulaziorik ez, mesedez.

Iturri originala

Facebooktwittergoogle_plusredditlinkedintumblr

Share this Post

Leave a Comment

L'adreça electrònica no es publicarà. Els camps necessaris estan marcats amb *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
*
*